DEIALDIA

medicusmundi Araba Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak Bidezko Merkataritzako I. Artisautza Lehiaketa antolatu du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, gazteengan kontzientzia kritikoa sustatzeko mundu mailan dauden desparekotasun eta bidegabekeria sozialen eta egoera horiek gainditzeko aukeren inguruan.

 1.HELBURUA

Ekimen honen helburua da euskal gazteen artean eta, bereziki, arte eta artisautza munduari lotutako diseinatzaile gazteen artean interesa piztea euren jardun profesionala mundu justuago bat eraikitzea helburu duten Bidezko Merkataritzarena bezalako proposamenekin lotu dezaten.

Hori dela eta, bitxi bat diseinatzea proposatzen du lehiaketak, zilarrez egingo dena. Piezak 9 gramoko pisua izan behar du gehienez, eta 925 zilarrez egindakoa izan behar da, turkesa, sodalita, jaspe, serpentina, onize beltza eta/edo alabastro harri erdibitxiekin.

Gaia eta teknika libreak dira, baina Bidezko Merkataritzaren printzipio, helburu eta lan egiteko moduetan oinarritu behar dute. Gainera, proposamena egiteko, aldez aurretik ikertu beharko da Peruko artisauek osatzen duten Bidezko Merkataritzako CIAP antolakundea, artisautzak merkaturatzen eta esportatzen dituena.

Diseinu politak ez ezik, etikoak diren bitxiak ere nahi ditugu, giza eskubideen errespetua eta ingurumenaren  babesa bermatzen dutenak. 

2.PARTE HARTZAILEAK

EAEn bizi, ikasi edo lan egiten duten pertsonek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, edozein dela ere euren nazionalitatea, baldin eta 2021ean 18 urte bete badituzte eta 29 urte (adin hori barne) baino gehiago ez badituzte.

Diseinuek argitaragabeak izan beharko dute, ezin dira aurkeztuak izan antzeko beste lehiaketa batera eta ezin dira izan aurretik helburu komertzialekin erabilitakoak.

3.AURKEZTEA ETA EPEAK

3.1  IZEN-EMATEA ETA PROIEKTUAK AURKEZTEA

Izen-emateko epea ekainaren 15ean irekiko da, eta proposamenen aurkezpena itxi baino egun bat lehenago amaituko da, hau da, irailaren 14an. Hemen klik eginda eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez egingo da.

Lehiaketan parte hartzeko eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri horiek guztiak onartzea.

Proiektuak 2021eko irailaren 15era arte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dira, helbide elektroniko honetan: alava@medicusmundi.es, edo google drive-n bitartez, gaian norberaren ezizena eta «artisautza lehiaketa» adierazita.

Honako hauek aurkeztu behar dira:

  • Bitxiaren TIF edo JPG formatuko kalitatezko argazkia
  • Bitxiaren memoria (izena barne)
  • Dossier bat, jarraitutako sormen-prozesua azalduz eta Bidezko Merkataritzaren inguruko gogoeta eginez.
  • Aurkeztutako bitxia originala dela eta ez dela saritu edo beste lehiaketa batean aurkeztu dioen zinpeko aitorpena.

Materialaren prototipoak edo laginak erantsi nahi dituztenek postaz bidali beharko dituzte, honako helbide honetara: medicusmundi Araba, Los Isunza kalea 9, 1. esk., 01002 Vitoria-Gasteiz.

3.2 BEHIN-BEHINEKO ERABAKIA

Epaimahaiaren behin-behineko erabakia apelaezina izango da, eta 2021. urteko irailaren 25ean hartuko da. Medicusmundi Arabak egun horretan bertan argitaratuko ditu bost finalisten ezizenak, eta harremanetan jarriko da egileekin  posta elektroniko edo telefono bidez prototipo fisikoen bidalketa eskatzeko, aldez aurretik egin ez badute.

3.3 BEHIN-BETIKO ERABAKIA

Behin betiko erabakia 2021eko urriaren 5ean emango da ezagutzera medicusmundi Arabaren webgunean eta sare sozialetan.

4.EBALUAZIO IRIZPIDEAK

Honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  • Lanaren inspirazioaren kontzeptuaren azalpen argia eta Bidezko Merkataritzaren inguruko hausnarketa.
  • Aurkeztutako diseinuaren originaltasuna, kalitatea eta sormena.
  • Kontzeptuaren berritasuna eta egokitasuna.
  • Ekoizpen baliabideen optimizazioa.
  • Diseinu artistikoa.

Antolakuntza ez da erantzule izango entregatutako materialek jaso ditzaketen kalteengatik garraioa, manipulazioa, erakusketa, biltegiratzea edo antzekoen ondorioz.

5.EPAIMAHAIA

Epaimahaia Arabako diseinatzaile batek, INTERCRAFT CIAPeko artisau batek eta Arabako medicusmundiko ordezkari batek osatuko dute.

Ezin izango dute lehiaketan parte hartu ez epaimahaikideek, ez kontratatutako langileek, ez elkarte honetako zuzendaritza-batzordeetako pertsonek, ezta haien zuzeneko senideek ere.

Ezin izango dute lehiaketan parte hartu ez epaimahaikideek, ez kontratatutako langileek, ez elkarte honetako zuzendaritza-batzordeetako pertsonek, ezta haien zuzeneko senideek ere.

6.SARIA

  • Diseinu bakarrak irabaziko du, eta medicusmundi Arabaren jabetzakoa bihurtuko da. Saria Peruko Bidezko Merkataritzako INTERCRAFT CIAP antolakundeko artisauek diseinua erreproduzitzea izango da, 2022an Estatu mailako BMko dendetan banatu eta saltzeko. Salmentaren etekinak Bidezko Merkataritzako proiektuetarako izango dira.
  • Medicusmundi Arabak INTERCRAFT-CIAPekin harremanetan jarriko du egilea, fabrikazioa egindako diseinuarekin bat datorrela bermatzeko.
  • Medicusmundi Arabak konpromisoa hartzen du diseinu irabazlearen egiletza errespetatu eta ezagutzera emateko, bai produktuaren etiketan (QR kode bidez), bai sare sozial eta komunikabideetan hedapen kanpaina bat eginez. Gainerako piezak egileei itzuliko zaizkie.
  • BMko dendetako erakusleihoetan lana sustatzea.

7.AZKEN ARAUAK

Epaimahaiak eskumena eta ahalmena izango ditu sor daitezkeen ezustekoak ebazteko, bai eta oinarri hauetan aurreikusi ez den beste edozein gorabehera ebazteko ere.

Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauetan ezarritako xedapen guztiak ezagutzea eta onartzea dakar.

Parte-hartzaileek onartu egiten dute lehiaketa kudeatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua, eta beren gain hartzen dute aurkeztutako lanen egiletza.

Zinpeko deklarazioetan betetako datuak faltsuak badira, ez dira onartuko.

Antolakuntzak saritutako diseinuaren jabetza esklusiboa eskuratzeak barne hartzen du ustiapen, banaketa, erakusketa, dibulgazio, erreprodukzio, eraldaketa, komunikazio publiko eta abarretarako eskubide oro, eta, oro har, legez eskualda daitekeen edozein eskubide, ahalik eta adierarik zabalenean eta legeak ahal duen irismen handienarekin.

0

Comienza a escribir y presiona Enter para buscar