DEIALDIA

Medicusmundi Araba Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak Bidezko Merkataritzako I. Ehungintzako Diseinu Lehiaketa antolatu du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, gazteengan kontzientzia kritikoa sustatzeko asmoz mundu mailan dauden desparekotasun eta bidegabekeria sozialen eta egoera horiek gainditzeko aukeren inguruan.

 1.HELBURUA

Ekimen honen helburu orokorra da euskal gazteen artean eta, bereziki, modaren munduari lotutako diseinatzaile gazteen artean, interesa piztea euren etorkizuneko jardun profesionala mundu justuago bat eraikitzea helburu duten Bidezko Merkataritza bezalako proposamenekin lotu dezaten.

Horretarako, hiru jantziren zirriborroa diseinatzea proposatzen du lehiaketak, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren material eta/edo ehunekin eginak —bereziki kotoi organikoa, disolbatzailerik gabeko estanpazioak…—. Teknika librea da, baina Bidezko Merkataritzaren printzipio, helburu eta lan egiteko moduetan oinarritu behar da.  Gainera, proposamena egiteko, Indiako Creative Handicraf erakundeari buruz ikertu beharko da; Mumbain egoitza duen enpresa soziala da, bertako emakume behartsuak ahalduntzea helburu duena.

Janzteko eta berotzeko ez ezik, etikoak ere badiren jantziak ere nahi ditugu, giza eskubideen errespetua eta ingurumenaren  babesa bermatzen dutenak.

2.PARTE HARTZAILEAK

EAEn bizi, ikasi edo lan egiten duten pertsonek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, edozein dela ere euren nazionalitatea, baldin eta 2021ean 18 urte bete badituzte eta 29 urte (adin hori barne) baino gehiago ez badituzte.

Diseinuek argitaragabeak izan beharko dute, ezin dira aurkeztuak izan antzeko beste lehiaketa batera eta ezin dira izan aurretik helburu komertzialekin erabilitakoak.

3.AURKEZTEA ETA EPEAK

3.1  IZEN-EMATEA ETA PROIEKTUAK AURKEZTEA

Izen-emateko epea ekainaren 15ean irekiko da, eta proposamenen aurkezpena itxi baino egun bat lehenago amaituko da, hau da, irailaren 14an. Hemen klik eginda eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez egingo da.

Lehiaketan parte hartzeko eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri horiek guztiak onartzea.

Proiektuak 2021eko irailaren 15era arte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dira, helbide elektroniko honetan: alava@medicusmundi.es, edo google drive-n bitartez gaian norberaren ezizena eta «ehungintza lehiaketa» adierazita.

Hautagaiek, ezizena baliatuta, bilduma bakarra aurkeztuko dute, bi look osoz osatua.

Bi look horien jantzietako baten fitxa teknikoa eman beharko da; fitxa horretan, gutxienez, honako puntu hauek jaso beharko dira:

  • Modelajearen ezaugarri guztiak dituen zirriborroa. Parte-hartzaileek aurrez eta bizkarrez marraztutako zirriborroak aurkeztu beharko dituzte, DIN A/4 formatuan. Laminekin batera, ereduaren deskribapen teknikoa, bildumaren izena, diseinuaren izena (halakorik badago) eta lehiakidearen ezizena aurkeztu beharko dira.
  • Koloretako banderak.
  • Modaren eta ehunen proposamena. Aukeran, jantziak egiteko erabili beharreko materialaren laginak erantsi daitezke.
  • Egindako jantzia (aukerakoa)

Era berean, bildumaren inspirazio izandako kontzeptua azaltzen duen txostena eta Bidezko Merkataritzaren inguruko hausnarketa gehituko dira, eta aurkeztutako bilduma originala dela eta beste lehiaketa batean saritu edo aurkeztu ez dela dioen zinpeko aitorpena ere.

Proiektuak digitalki aurkeztuko dira adierazitako posta elektronikoko helbidearen bidez. Materialaren prototipoak edo laginak erantsi nahi dituztenek postaz bidali beharko dituzte, honako helbide honetara: Medicusmundi Araba, Los Isunza kalea 9, 1. esk., 01002 Vitoria-Gasteiz.

3.2 BEHIN-BEHINEKO ERABAKIA

Epaimahaiaren behin-behineko erabakia apelaezina izango da, eta 2021. urteko irailaren 25ean hartuko da. Medicusmundi Arabak egun horretan bertan argitaratuko ditu bost finalisten ezizenak, eta harremanetan jarriko da egileekin posta elektroniko edo telefono bidez prototipo fisikoen bidalketa eskatzeko, aldez aurretik egin ez badute.

3.3 BEHIN-BETIKO ERABAKIA

Behin betiko erabakia 2021eko urriaren 5ean emango da ezagutzera medicusmundi Arabaren webgunean eta sare sozialetan.

4.EBALUAZIO IRIZPIDEAK

Honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  • Bildumaren inspirazioaren kontzeptuaren azalpen argia eta Bidezko Merkataritzaren inguruko hausnarketa.
  • Aurkeztutako diseinuen originaltasuna, kalitatea eta sormena.
  • Kontzeptuaren berritasuna eta egokitasuna.
  • Ekoizpen baliabideen optimizazioa.
  • Diseinu artistikoa.
  • Aurrekoaz gain, baloratu egingo da diseinuak egitean baliabide organikoak erabiltzea eta ingurumenarekiko konpromisoa.

Antolakuntza ez da erantzule izango entregatutako materialek jaso ditzaketen kalteengatik garraioa, manipulazioa, erakusketa, biltegiratzea edo antzekoen ondorioz.

5.EPAIMAHAIA

Aurkeztutako proiektuak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena: diseinatzaile arabar bat, Creative Handicraf-eko diseinatzaile bat, Zaragozako Hacer Creativo Moda Diseinuko Goi Eskolako ordezkari bat eta medicusmundi Arabako ordezkari bat.

Ezin izango dute lehiaketan parte hartu ez epaimahaikideek, ez kontratatutako langileek, ez elkarte honetako zuzendaritza-batzordeetako pertsonek, ezta haien zuzeneko senideek ere.

6.SARIA

Bilduma bakarra sarituko da, eta haren jabetza medicusmundi Arabarena izango da aurrerantzean. Saria Indiako Creative Handicraf-ek bilduma eskuz egitea izango da, 2022. urtean estatu-mailako BMko dendetan banatu eta saltzeko. Salmentaren etekinak Bidezko Merkataritzako proiektuetarako izango dira.

Medicusmundi Arabak Creative Handicrafekin harremanetan jarriko du egilea, egindako jantziak diseinuarekin bat datozela bermatzeko.

Medicusmundi Arabak konpromisoa hartzen du diseinu irabazlearen egiletza errespetatu eta ezagutzera emateko, bai produktuaren etiketan (QR kode bidez), bai sare sozial eta komunikabideetan hedapen kanpaina bat eginez. Gainerako piezak egileei itzuliko zaizkie.

BMko dendetako erakusleihoetan lana sustatzea.

7.AZKEN ARAUAK

Epaimahaiak eskumena eta ahalmena izango ditu sor daitezkeen ezustekoak ebazteko, bai eta oinarri hauetan aurreikusi ez den beste edozein gorabehera ebazteko ere.

Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauetan ezarritako xedapen guztiak ezagutzea eta onartzea dakar.

Parte-hartzaileek onartu egiten dute lehiaketa kudeatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua, eta beren gain hartzen dute aurkeztutako lanen egiletza.

Zinpeko deklarazioetan betetako datuak faltsuak badira, ez dira onartuko.

Antolakuntzak saritutako diseinuaren jabetza esklusiboa eskuratzeak barne hartzen du ustiapen, banaketa, erakusketa, dibulgazio, erreprodukzio, eraldaketa, komunikazio publiko eta abarretarako eskubide oro, eta, oro har, legez eskualda daitekeen edozein eskubide, ahalik eta adierarik zabalenean eta legeak ahal duen irismen handienarekin.

Bilduma irabazlea merkaturatzeko, antolakuntzak aldaera eta egokitzapen txikiak egin ahal izango ditu, egitea eta erreproduzitzea erraztu eta aurrezteko.

0

Comienza a escribir y presiona Enter para buscar